Iruñeko udaltzain batzuk irailean atxilo hartutako etorkin atzerritar gazte bati egindako erasoaren auziak bide aldaketa izan du. Gertatutakoa falta bezala epaitzea erabaki zen hasiera batean, baina salatzaileak eta SOS Arrazakeriak aurkeztutako errekurtsoa aintzat hartu du Nafarroako Probintzia Auzitegiak, eta udaltzainen jokabidean deliturik egon al zen aztertzeko erabakia hartu du.
Aurretiazko eginbideak ireki, eta udaltzainei deklarazioa hartzearen alde egin du Nafarroako Auzitegiak, epaitu beharrekoa falta bat edo delitu bat den zehazteko. Nafarroako SOS Arrazakeriaren ustez, jarrera horrek agerian uzten du auzitegia delitua egotearen aukera aztertzen ari dela, eta postura horrek Iruñeko Udaltzainen posturarekin talka egiten duela nabarmendu du. «Udaltzaingoak tratu ezegokitzat jo zuen gertatutakoa, eta falta arina egiteagatik zigor espedientea ireki zuen», gogorarazi du SOS Arrazakeriak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario