Para buscar este blog : poner olarizuko en el google.... y ya está
(si te gusta) Pon nuestra dirección en favoritos y dala a conocer a tus amigos ...participa

jueves, 7 de abril de 2011

Trebiñun beroketak egin dituzte Korrika gozo hasteko


Prestaketa lanei gaur emango dizkiete azken orduko ukituak 17. Korrikaren lehen kilometroak hartuko dituzten herriek

17:30ean hasiko da euskaltzaleen lasterketa, Trebiñuko plazatik; aurrez, hasiera ekitaldia
Azken orduko luzaketak, beroketa apur bat, eta arratsaldeko bost eta erdietan, Korrikaren hasiera hartzeko prest egongo da Trebiñu (Araba). Atzo arratsaldean hasi ziren kaleak eta elizaren ondoan dagoen plaza apaintzen. Hain zuzen ere, bertan hasiko du bidea hamar egunez, 2.507 kilometroz, Donostiara arte Euskal Herria eskuz esku zeharkatuko duen lekukoak.

Nekez aurrera zitekeen atzo goizean horren ekitaldi jendetsua hasiko denik gaur bertan. Korrikaren kartel gutxi batzuk ikus zitezkeen hutsik zeuden kaleetan. Ordea, irudi horren azpian azken hilabeteetan Korrika Kulturalean egindako lana eta azken urteetan euskararen alde egindako bidea dago, eta arratsaldean horren loraldia hasi zen ikusten. Hain zuzen ere, Korrika hasi baino 24 ordu lehenago, kaleak kolorez apaintzen hasi ziren, une garrantzitsurako prestatzen.

Korrika 17:30ean hasiko bada ere, ordu erdi bat lehenago izango da hasiera ekitaldia; besteak beste, Asier Amondo AEK-ko Arabako Artezkaritza kideak eta Edurne Brouard 17. Korrikako arduradunak hartuko dute parte. Dantza, bertso eta txalaparta doinuen artean hasiko da Korrika, Argantzunerako bidean. Gutxisolo elkarteak egingo du lehen kilometroa, 17. Korrikaren hasiera eskatu eta hori antolatzeaz nagusiki arduratu den elkarteak.

Arabako Foru Aldundia, Trebiñuko Udala, herriko ikastetxea... Lekukoa eskuz esku igaroko da Korrikan, eta berehala esanahiz betetako ekintza bat egingo dute: Arabako zazpi kuadrilletako ordezkariek elkarri pasatuko diote lekukoa Trebiñuko Konderrian. Aurten, Korrika ez da zenbait kuadrillatatik igaroko, eta leku horietan euskararen alde lan egiten duten pertsonei omenaldi txiki bat egiteko baliatuko dituzte AEK-ko arduradunek Korrikaren hasierako kilometro batzuk.

Parte hartze ona

Trebiñuko Konderriko biztanleez gain, Gasteiztik eta Euskal Herritik heldutako pertsonek hartuko dute parte hasierako kilometroetan. Gasteiztik sei autobus aterako dira Trebiñura, eta Argantzunen zazpietatik aurrera izango diren kontzertuetara ere bilduko da jendea. Jendetza biltzea zaila dela onartu arren, parte hartze ona espero dute antolatzaileek, Trebiñuko Korrika Kulturaleko ekimenetan gertatu bezala, euskara bere lekua eskuratzen ari baita.

No hay comentarios:

Publicar un comentario